Aterpearen berotasuna sarituko du Emakundek. Bilboko La Posada de los Abrazos elkarteak jasoko du gaur Berdintasun Saria, gizarte bazterketaren aurka egindako borrokagatik eta indarkeria matxista jasandako emakumeei emandako babesagatik. Psikologikoa ez ezik, logistikoa ere bada besarkada: taldeak etxebizitza ematen die arazo ekonomiko larriak dituzten andrazkoei. “Indarkeriarik eta bazterketarik gabeko bizimodu eredu baten alde” lan egiten du taldeak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu duenez.
2003an sortu zen elkartea, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko auzoetan, bazterketa soziala jasaten dutenen aterpe izateko asmoz. Etxebizitzarik gabekoak artatzen zituzten bi langileren ekimena izan zen, logelen alokairua garestitzen ari zela antzemanda. Hamar urteotan 500 lagun inguru igaro dira elkarteak kudeatzen dituen etxebizitzetatik; hasieran, gizonak zein emakumeak hartzen zituzten, baina azken urteetan, andrazkoei eta haien seme-alabei egin diete harrera, “haiek dituztelako beharrizan gehien”.
Egun, bi etxebizitza baino ez dauzka elkarteak: zortzi emakume eta lau haur bizi dira bertan; horiez gain, beste hamabi lagunen egoeren jarraipena egiten dute. Bilboko eragile sozialekin elkarlanean dihardu taldeak, eta parte hartze esanguratsua du pobreziaren aurkako mobilizazioetan. Hain justu, sarean jorratutako lan hori txalotu du Emakundek, baita andreen jabekuntza sustatzea ere.
“Estutasun ekonomikoei eta indarkeria sexistari aurre egin behar dieten emakumeen premiazko beharrei” erantzuten diela goraipatu du, beraz, epaimahaiak. Baina harago ere joan da aitortza, La Posadak “gizartean eta erakundeetan duen eragina” ere nabarmendu baitu: “Emakume askorentzako bizi-baldintza duinak bermatu ez dituen antolaketa sozioekonomikoa zalantzan jarri du”.
Ildo horretan, elkartearen eguneroko laguntza lan horren ekarpena nabarmendu du Emakundek, “bestelako bizimodu eredu bat” eraikitzeko bidea urratzen ari delakoan: “Alternatiba bat eskaintzen du, indarkeriarik eta bazterketarik gabe, doakotasunean, kolektibitatean, autogestioan eta espiritu kritikoan oinarritutako gizarte baten alde”.